Skip to main content

Azaroak 19, zapatua.  Eskolondon 19:00etan

FILMAK

Azalen Izara (2017). 3’54’’

Gorputz gara, arnasketa bakoitzean sartzen den denbora. Elkarren mapa, eredu eta inspirazio. Ea, Bedarona eta Natxituko emakumeekin jositako gogoeta.

Heldu (2018). 15’39’’

Anerentzako arraun egitea eskuartean bere errealitateari heltzea da. portura heltzea da, erabakiak hartzea eta heldu bilakatzea. Aurrera bultzatzen duen ura astindu eta irabiatuko du orekaren etengabeko bilaketan.

Noizko basoa (2022). 23’19’’

SSFF. Donostia Zinemaldia. NEST
ZINEBI64. Bertoko Begiradak. Bilbao 2022

Lurrean zuloak sakondu ahala denboran atzera egin. Inoiz ikusi ez duen paisaia oroitzen ari da herria. Begiekin, belarriekin eta eskuekin, ez dagoena, geratzen denetik aterata aurkitu. Besterik ezin dute egin, eta hori asko da. Errekak isildu gabe berba egiten duelako etengabe jaiotzen ari den iturburu honetan, aspaldi ahaztu genuen hizkuntzan mintzo bada ere. Gure arbasoek hego-haizeari ikasi zizkioten lehen hitzak. Harrien zimurrek, argi itzalek eta sustraiek kontatu zizkiguten behinola ezagutzen ez genituen ipuinak, egiak.

Inguratzen gaituenari so egitean haren begirada gugan senti dezakegu ia. Hitza eman eta arima eskaini. Eskuak atera eta barruan sartu, aitzurkada bakoitza azalean sumatu arte. Ostean, gainazalera atera eta kanpotik begiratzeko. Zein da arrotza hemen?. “Entzun!” gu joanda hemen utzi duguna.

Orain, ikusi dezakezuna, baso bat ote da?. “Entzun!”, iluntzea da berriz. Urak erditzen jarraitzen du, orain ere bai. Berriro hasi da. Ez gauden lekuan egongo bagina gure ahotsa itzuliko genioke hitzak eman dizkigunari. “Lizarra, urkia, haltza.” “Zer egin urik gabe itotzear dauden kaskailuekin?” “Ullak memoria daukala uste duzue?”. “Zer utzi behar duzu zuk hemen?”. “Nik ez dut ikusiko, zuk agian bai.”

Egun biluzik dagoen zorua zapaltzen dutenek beraien baitara begiratuta soilik ikusiko dute hazitako basoa, baina zuhaitzak landatu dituzte eta hostoen ingeradarekin zuhaitzak bereizten irakasten jarraitzen diete etorkizuneko Eatarrei. Bitartean, urak jaiotzen jarraitzen du Ullan, etengabe, herria erdibituz.

MIKELE LANDA – BIOFILMOGRAFIA
Mikele Landa Eiguren (Bilbao, 1995). Ikus- entzunezko Komunikazio Gradua egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta Suediako Karlstad Unibertsitateko zinema fakultatean. Ostean, sormen dokumentalgintzan, zinema esperimentalean eta bideoartean espezializatu zen Madrileko TAI Unibertsitatean. Bere master amaierako lana, Heldu Bilboko ZINEBI nazioarteko jaialdian (2018) aurkeztu zen eta Euskal Zine Bileran (2019) zuzendaritza onenaren saria jaso zuen. Ordutik hainbat elkarterekin kolaborazioan ikus-entzunezko proiektuak garatu ditu, tartean OSALDErekin Malin grabatu, ekoitzi eta zuzendu zuen Mali, 10 urtetan filma.

Dantzak eta literaturak ere bere sormen prozesuan presentzia nabarmena dute. Horren adibide dira ITU literatur bandako kide bezala egindako proposamen artistikoak eta koreografo anitzekin elkarlanean egindako bideo-dantza pieza eta eszenaratzeak. 2022an Itziar Ugarte Irizar poeta Oñatiarrarekin batera gu gabe ere. Biharamunean ikuskizuna sortu du eta herriz herri emanaldiak eskaintzen ari dira. Azken urteetan, sortzaile jarduna EiTBko albistegietako kazetari lanarekin uztartu du.

2021-2022 ikasturtean Elías Querejeta Zine Eskolako Sorkuntza graduondokoa burutzen dabil. Testuinguru horretan garatutako Noizko basoa dokumental laburra Donostiako Zinemaldian aurkeztu du, Nest laburmetrailen leihaketan eta ZINEBIN. Zinema eskolan zuzendutako lanen artean aipagarria da post-produkzio fasean dagoen Cordero negro fikziozko laburmetraila. Maria Corrias ikaskidearekin batera zuzendua, Radu Jude zinemagile Errumaniarraren tutoretzapean eta Olatz Beobide, Asier Olaizola eta Lide Martinez-Abaigar aktoreen partehartzea izan duena.

Iruzkin bat

Eman zure iritzia