Ea, H-a galdu zuen… erria
Ea du izena gure herriak gaur, nahiz eta agiri zaharretan Hea idatzita agertu.
Dakigunez, 1492. urtean, Arteagaren eta Lekeitioren arteko eremua zelarik, bateko eta besteko jauntxoek beren dorreak eraiki nahi izan zituzten “Heako pueblan”; 1632. urtean, berriz, Joan de Hea marinelak Terranovan utzi zuen bere testamentua.
XIX. mendean hasi ginen, antza denez, H-a galtzen… Galdu ote du Eak zerbait, H horrekin batera? Ez genuke nahi. Izan ere, iraganari begira jarrita, aberastasun handizabal baten ikurtzat aldarrikatu gura dugu desagertutako letra.
Zer zen Hea? Gune geografiko bat, izaera bat, bizimodu bat, historia bat, hiztuneria bat…? Antzinako Heak zeukan H berbera daukate herria eta harria berbek. Zeinherri izango da, bada, hatxedunago gurea baino, geure burua Arestiren etxetzat badugu? Eak H ortografikoa galdu badu ere, ondo inprimatuta dauka bere nortasunean. Hori dela eta, bide bat egiteko asmoa dugu, bi noranzkotan: Eatik Heara eta Heatik Eara.
Ipuinetan ogi-apurren edo harri-koxkorren bila dabiltzanen antzera, topatu dugu lehen aztarna: Equus Caballus Eaensis. Zirrara eragin digu jakiteak orain dela 100 000 urteko zaldi-behorren masailezurrak ditugula gurean, itsasertzeko haitzetan harri eginda. Zelan irakurri hori? Hasiera mitiko bezala? Sinbolo poetiko legez? Gure galderei beren ikerketa zientifikoaren bidez erantzuteko, fosilak eta Xabier Murelaga eta Pedro Castaños paleontologoen hitzaldia.
Bigarren harri-koxkorra, Urrats galduen herria. Hea ez da sekula paradisua izan. Herri xeheak izerdiak bota ditu itsasoan, baserrian, burdinolan eta errotetan bizimodua ateratzeko. Gure jendartearen memoria poetiko kolektiboa berrosatzea da Iñigo Aranbarri idazlearen proposamena.
Eta hirugarren arrastoa joan-etorriko bide horretan, Julio Cortazar idazlea, Balendin Kortazar Mendiola, Heako Biax baserrikoaren iloba. Aititak Argentinara alde egin zuen, beste euskaldun askoren moduan. Gustukoa dugu pentsatzea gure herria haiena ere izan zela. Mikel Soto idazle eta editorea, Oier Guillan aktorea eta Iñaki Zudaire musikaria ditugu Cortazarren obraz hitz egiteko. Orduan, zer esaldi aproposago Julioren hau baino? “Andabámos sin buscarnos, pero sabiendo que andábamos para encontrarnos”.
Zaldiarri 10 liburuxka argitaratu dugu, Julio Cortazarren Pertsegitzailea ipuinarekin, Jon Muñozek itzuli, erramun mendibelandaren pinturarekin eta Harkaitz Canoren hitzaurrearekin.