Azaroak 18, barikua
19:30ean Eskolondon
Annie Ernaux
(Lillebonne, Itsas Sena, 1940ko irailaren 1a), izen osoa Annie Thérèse Blanche Duchesne, idazle frantsesa da. Haren obra autobiografikoa da, eta eduki soziologiko handikoa. Arrakasta komertziala izateaz gain, zenbait sari irabazi ditu, hala nola, Renaudot saria, (1984) Hizkuntza frantsesaren saria (2008), eta 2022ko Literaturako Nobel saria.
Annie Ernauxen obra autobiografikoa da, oso-osorik. Idazteko beharra, bere bizipenik barnekoenak kanporatzeko premia izan zen egilearen arrakastaren arrazoi nagusietako bat, aditu askoren esanetan. Sentimenduez mintzatu baita beti, gordin-gordin, gainera. Beraz, liburu guztiak idazleak bizitako gertaera batean daude oinarrituta.
Pasio hutsa / Annie Ernaux
Presentzia edo absentzia. Aritz Galarraga. Argia
Kolpetik hiru izan ziren: Pasio hutsa, Lekua eta Gertakizuna, hirurak ere Igela argitaletxean eta Joseba Urteagak itzuliak. Annie Ernaux idazleak loraldi labur baina intentsu hori izan zuen euskaraz, 2002-2003an, gerora, eta tamalez, jarraipenik izan ez zuena. Artean usaindu gabeko urrina ekarri baitzuen eta egun oraino gaurkotasuna baitute liburu horietan egiten diren planteamendu literarioek. Pasio hutsa nobelakoek, esaterako. Ez hainbeste delako autobiografikoa edo autofikziozkoa edo dena delakoa. Bost axola. Liburua, liburu oro, idazlearen biografiaz haraindi irakurri edo gutxienez funtzionarazi beharko genuke, artefaktu independente gisa.
Hori baino garrantzitsuago: lehen pertsonan idatzia, ez dakit testigantza, konfidentzia, kronika, baina pasio baten seinale pilaketa da testua, inbentario moduko bat, pasio horren errealitatea ulertzeko saiakera. Emakume baten pasioa du kontakizunak azaltzen (ezen ez esplikatzen), gizon batenganakoa, gizon ezkondu exekutibo arrotz batenganakoa. Pasioak dena hartzen dio, kronologia bera ezabatzeraino: gizonaren presentzia edo absentzia da denbora banaketa posible bakarra. Pasioa da beraz liburuko sujeta, pasioaren absolutua eta unibertsaltasuna. Seinale, egite, gertaerak amaieraraino begiratzen dira hemen, xehetasun guztiekin, narratzaileak zentzua bilatu nahi dio bizitzen ari denari eta aurkitu ere aurkituko dio azkenerako, “inongo zentzurik ez izatearena”. Kolpagarria da oso gai korapilatsuez zeinen gordin, zeinen sinple, zeinen zintzo ari den irakurtzea, irakurtzea nola ilunetan utzi ohi ditugunak ekartzen diren eguneko argitara, dela sexuaz, dela beste batenganako dependentziaz, dela haurrak izatea, oposizioak gainditzea, itsasoaz haraindi bidaiatzea baino inportanteago den arratsaldean gizon harekin ohean egoteaz ari denean. Gainera, etengabea da idazketa prozesuaren gaineko eta, ondorioz, idaztearen beraren gaineko hausnarra.
Liburu laburra da Pasio hutsa, ez akaso, eta eskerrak, borobila, bai erzduna, gorabeheratsua, kolpe batez irakurtzen dena, baina inor bere txokoan eroso uztea baino beste edozer lortzen duena. Bueltan datorrena ez dela xamurra, alegia. Bukatzeko, ez alferrik, korolario hau dauka: “Haurra nintzenean, niretzat luxua larruzko berokiak ziren, gau-soinekoak eta etxe dotoreak itsasertzean. Gero uste izan nuen bizimodu intelektuala eramatea zela benetako luxua. Orain pentsatzen dut badela ere gizon edo emakume batenganako pasio bat bizi ahal izatea”.