Skip to main content

Azaroak 17, barikua

19:00etan  Eskolondon.

Oso latza izan da / Xabier Mendiguren Elizegi / Elkar, 2023

Oso latza izan da du izenburu dagoeneko euskal literaturan bide oparoa egina duen Xabier Mendigurenen lan berriak. Joxe Arregirenak dira hitzok, azken hatsa ematear zegoela ziegako lagunei botatakoak. Aski jakina denez, ETAko kidea izan zen Arregi, 1981eko otsailean poliziaren torturen ondorioz hila. Gertaera horiek berreraikitzen ditu nobelak; Arregiren gorpu mailatuari argazkiak atera zizkioteneko eszenarekin ekiten zaio narrazioari. Horixe sinboloa, hildakoaren gorpua bera, azalean dakusagun Andrea Mantegnaren koadroari erreferentzia eginez, Kristo Hila. Iruditeria erlijiosoak garrantzi handia izango baitu liburuan.

Liburu laburra da, Mendigurenek 100 orrialde eskasean kontatzen du Joxe Arregiren —hala dio azpitituluak— pasioa, herioa eta berpiztea. Gorpuaren sakralizaziotik abiatu eta atzera begirakoa —ingurura begirakoa, hobeto esanda— egiten du autoreak, ikerketaren bitartez sinboloaren atzeko soslai humanoak azaleratu eta garaiko gizarteari buruzkoak aletzeko. Hor ditugu, kasurako, Juan Kruz Unzurrunzaga eta Bixente Ameztoi, Poliziak eginikoen arrastoak gal ez zitezen, argazkiak egiteko Arregiren gorpua hilobitik atera zutenetako bi. Pertsonaion erretratuak ematen ditu Mendigurenek, eta, bere horretan interesgarriak badira ere —euskal artearen munduko erreferentziazko bi izen diren neurrian—, baliatzen ditu frankismo osteko euskal gizartean —zehazkiago, ezkerraren barruan— zeuden jarrera politiko zenbaiten islatzat.

Lanaren bertuteetako bat da estiloa, dudarik gabe. Tamainako gertaera batera hurbiltzeko kontakizun ez-fikziozkoaren aldeko apustua egiten du Mendigurenek. Apaltasuna dario erabakiari, zeina eskertzekoa baita sarritan adinako gaien indarra fikzioaren atzaparretan nola kamustu daitekeen kontuan hartuta. Haatik, ez-fikzioak ere baditu bere hautuak, estilo aldaerak, fikzioaren neurri bereko konplexutasuna. Mendigurenen proposamenean badira kazetaritza idazkerara lerratuago dauden atalak eta badira txinparta poetiko askokoak. Azken mota horretako banak mugarritzen dute liburua bi aldetatik, adibidez. Horrelakoetan sakontzen du Mendigurenek gorago aipatutako sinbolo izaeran, gatazkaren sufrimenduaren irudia Arregiren figuran gorpuztuz eta bere figura txikitua bestelakoekin alderatuz, gatazkan modu zuzenean parte hartu ez zuten horiekin, esaterako. Autorearen noizbehinkako aldarri itxurako iruzkin politikoek zertxobait kamusten dituzte atalok, kontaerak ez baitu epika gehigarririk behar.

Sinbolismo erlijiosoaren erabilera da —hileta segizioa Via Crucis gisa, Arregiren gorpua Kristo gurutziltzatuaren antzera, sufrimenduaren esangura mezu baten eroaletzat— liburuaren ildo interesgarrienetakoa. Dirudienez, Mantegnaren koadroa ikusi, eta halako batean Joxe Arregi etorri zitzaion gogora Mendigureni. Hau da, erlijio eta gogoeta existentzialetik gatazka politikora egin zuen jauzi. Liburua irakurrita, ordea, kontrakoa lortzen ez ote duen autoreak, gertaera politikoak eszenaratzeko, liturgikoak, sinboloak duen garrantziaz ohartaraztea. Baita gurean ere.

Asier Urkiza / Berria, 2023-10-08

Iruzkin bat

  • Iñaki(e)k dio:

    OSO LATZA IZAN DA
    (Ez zen odol hotzean izan, ez)
    Liburu hau irakurtzea erabakitzen baduzu, irakurle adiskidea, ehun orrialde eskas horiek amaitzeko behar duzun denbora gutxienekoa izango da, arnasaldi batean egingo baituzu. Hala ere, egileak kontatzen dizkigun gertaerak digeritzeko behar den denbora luzeagoa izango da, baina dezente luzeagoa.
    Xabier Mendiguren saiatu da datuak biltzen eta transkribatzen, herri honi, memoriotsua dela jakinda ere, arrakalaren batetik filtratu ez dakion gertaera paradigmatiko baten nolakotasuna eta zergatia: polizia-bulegoetan hil zen Joxe Arregiren bizitza eta heriotzaren ezaugarriak, eta bere “berpiztea”. Truman Capotek bere “Odol Hotzean” liburua kazetaritza-kronika bat balitz bezala idazteko aukera izan zuen, Xabier Mendigurenek kontakizun honekin egin zezakeen bezala. Baina biek hartu zuten, gure onerako, errelatoak zapore literarioz atontzeko erabaki egokia.
    Obra pedagogikoa, edonola ere.

Eman zure iritzia