Martxoak 26
18:00etan Eskolondon
Sinopsia
1941ean hasi eta oraintsu arte, Iruñeko familia baten historia kontatzen digu nobelak, hiru belaunalditan zehar, hiru emakumeren bitartez: Matilde, Teresa eta Amaia, nor bere ama bilatzen eta ukatzen duten hiru matrioxka.
Unean uneko modak, gertakariak eta bizimoduak pasatzen dira ispilu ibiltari baten aurretik; gizartearen tenkak, borrokak eta aldaketak ageri dira kronika bizi honetan. Historia handiaren gainetik, ordea, hainbat jenderen istorioak ezagutuko ditugu: Echalucetarrenak, baina baita haien ahaide, neskame, lagun eta etsaienak ere.
Baina, batez ere, ama-alaba harremanei buruzko kontakizun sakon, gogor eta hunkigarria da esku artean duzuna: lotura zail, konplexu eta mingarria, sentimendu kontrajarriz osatua, edari bizi batzuen antzera, sartzean eztarria erre eta barrena luzaroan berotuko dizuna.
ODOLEKOAK
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Dena bertigo abiaduran doan garai honetan, deigarria da 300 orrialdetik gorako liburu batekin topo egitea, eta are gehiago liburu hori euskaraz idatzita badago. Azken orrialdera iristeko bere denbora behar delako esaten dut, eta justuki, antza denez, denbora da falta zaiguna.
Egileak bi zutabe erabili ditu: Batean, hemeroteka lan izugarri batekin, Iruñeko historia kontatzen du, funtsean, gerra zibiletik hasi eta orain artekoa. Bestean, hiri horretan eta urte horietan bertan sortutako eta garatutako familia baten istorioa kontatzen du.
Dataren arabera sailkatzen ditu obra zatitzen duten kapituluak, eta benetako gertakarien data horietara egokitzen ditu familia-gertaerak. Batzuetan, familia-gorabeherak benetako gertaerekin gurutzatzen dira, familia-izaera horren benetakotasunaren balioa handituz. Bere belaunaldien erritmoan, pixkanaka, aldatzen ari den eskuineko familia baten gainbeheraren argazkia erakusten digu liburuak.
Kontzentrazio-lan handia eskatzen digu, bertatik desfilatzen duten pertsonaien kopuru handia dela eta. Hasieran, laguntza gisa, bertan agertzen diren pertsonaien sailkapen bat dago. Hala ere, uste dut, ahalik eta lasterren irakurriz, behin hasi eta gero egunetan utzi gabe, kontakizunak berak esaten digula nor den nor, egileak ematen digun laguntza ahalik eta gutxien erabiliz eta atzera-aurreran zorabiatzeko arriskua baztertuz eta oniritzia galduz.
Baliteke azken kapituluan jartzen duenetik asko soberan egotea, irakurleak ondorioztatu beharreko estimazioak baitira, nire ustez.
Lan aipagarria, memoria kolektiboa freskatzen laguntzen diguna eta, aldi berean, kidetasun jakin batzuk nolakoak izan behar ez duten iradoki ere bai.