Skip to main content

Abenduak 16, barikua

19:30ean  Eskolondon.

 

Jose Luis Otamendirekin bere azken poema liburuaz jarduteko.

Azpeitian jaio zen Jose Luis Otamendi 1959an eta bertan bizi da. Bigarren hezkuntzako irakaslea da. Ibilbide luzeko poeta da, zazpi poema-libururen egilea; lantzean baino ez du sartu-irtenen bat egin bestelako generoetan: ia salbuespena dira azpeitiarrak argitaratutako ipuin-liburua eta saiakera-lana.

Otamenditik 1980 eta 2007 artean plazaratutako zazpi poema-liburuak multzokatu beharko bagenitu, orokortzeko arriskua gure gain hartuz, sail bakarrean sartu beharko genuke 1980tik 1990era arteko produkzioa, bigarren arotzat hartu 1995eko Lur bat zure minari liburua eta hirugarren etapan sartu Erlojuen mekanika, 2007ko lana. Bat etorri da Otamendiren lana aztertu duen kritika Egunsenti biluzia eta Poza eta gero arteko lanen eta Lur bat zure minari liburuaren artean etena markatzen (Kortazar, 1997; Aranbarri, 1998; Izagirre, 2000). Orobat, 1998an Pamiela argitaletxean 1980 eta 1990 arteko liburuak bolumen bakarrean plazaratu zituen Otamendik, Bakarrik bahago neguan izenburupean eta Iñigo Aranbarriren sarrera argigarriak lagunduta, eta bilduma horrek areagotu egin zuen poetaren lehen bi aroen arteko distantzia estetikoa.

1980ko hamarkada hastearekin publikatu zuen Otamendik estreinako liburua, Egunsenti biluzia, Ustela argitaletxearen babesean, Iñaki Aiestaranen ilustrazioekin. Iñigo Aranbarrik azaltzen duenez (op cit.) erritmoa eta sonoritatea, “perfekzio sonoroa” bilatu nahi du azpeitiarrak estreinako lan honetan. Xalotasunaren poesia da Otamendiren hastapenekoa, faltan duen maitasunaz idazten duena, horretarako irudi poetikoez baliatuz eta surrealismo xalora joz. Lehenengoaren bide beretik doa egilearen bigarren liburua, Azken undinaren kaira (Ustela, 1993), egitura eta formatu aldetik bitxitasunik badakarren arren; izan ere, liburuaren lehenengo erdia poema sorta bat da, baina bigarren atalak “Hiru gau” antzezlan laburra jasotzen du. Irudiak Carlos Martinez Gorriaranenak ditu. Aranbarriren arabera, barne-batasun handiagoa dute bilduma honetako poemek aurreko bildumakoek baino. Esan daiteke Otamendik barne geografia bat, maitasunarentzako espazio bat, eraikitzera jo zuela bilduman, geografia hits bat, edertasuna, bilatzen duten irudi poetikoen bidez…

(Gehiago irakurtzeko: Auñamendi)

Landura.  Jose Luis Otamendi

Landuraren ehundura Irati Majuelo / Berria, 2022-10-09

Jose Luis Otamendiren liburu berri bat ospakizun izan ohi da gurean. Munduaren bazterrei eta edertasun keinu txikiei behatzeko duen gaitasunak ibilbide oparoa eskaini dio orain arte, literatura umiltasunez baina letra larriz ekarriz irakurleari. Landura jarri dio izena azken lanari, zeharrargia, gandua, lausoa den horrek ikusarazten eta ezkutarazten dizkigunak agertu nahian. Begiradari berari materialtasuna atxiki nahian.

Objektuek, alde horretatik, garrantzi handia hartzen dute bilduma honetan, Gauzetan poeman bertan argitzen duenez. Egunerokotasunaren bideetan dabil Otamendi, ilar-patatei eta garbigailuari adi, denboraren joanari edo herri honen itxi gabeko zauriei bezainbat. Eremu domestikotik egiten du hitz poeta etxekotuak, eta elementu, objektu, gauza horiek baliatzen ditu bai pandemiak eta baita gorputz-gogo adindu batek piztutako pentsamenduak, beldurrak, oroitzapenak, itxaropenak azaleratzeko. Ez da itxialdiari buruzko bilduma bat soilik, eta nabari da ez duela izan nahi; baina egia da ere oihartzun nabarmena sumatzen dela poema ugaritan, konfinamendua igaro eta handik bi urte eta erdira haren digestio geldoa iradokitzen dutenak.

Horrela, “mende biren arteko ibi estuan” kokatzen du bere burua poetak, mundu zaharretik berri bateranzko lekualdaketan, trantsizio horren kodeak deszifratzen. Adinak dakarren esperientziak kokagune bat ematen dio ahots poetikoa garatzeko, eta hala, aldizka nostalgiaz, aldizka eskarmentuz egiten dio so iraganari, etorkizunari, orainari. Bere burua desenkusatzen du sarri, adore eza eta suhartasun galdua aitortuz, gizaki egiten gaituzten akats horiek agertzeko beldurrik gabe. Beste patxada batekin begiratzen die gaztetako ametsei, ahaztu gabe beti borrokarako, lerratzeko beharra, pribilegioen jakitun. Otamendiren poesiaren bereizgarri izaten jarraitzen baitute justizia sozialarekiko zein bidegabekeriaren aurkako senak, gizatasunak eta, batez ere, umildadeak. Behin eta berriz nabarmentzen da bere izaera diskretua maitatzeko, borrokatzeko, idazteko duen eran. Indibiduoaren eta kolektiboaren arteko dialektika horretan, garai berriek dakartzaten talketan murgiltzen da.

Laburbilduz, geruza ugariko poemak direla esan daiteke, hiztegi bereziki aberatsa baliatuta, egunerokotasuneko tonu arina erakusten dutenak, batetik, baina ideia sakon eta kezka filosofikoekin korapilatzen direnak aldiro, artefaktu konplexua jarriz irakurlearen esku artean. Askotan zail egiten da ehundura horretako maila guztietara iristea, izan landurak lausotzen duelako ulermena edo poema gehienek ez dutelako ideia edo gai bakarra gordetzen. Hala, eman dezake sentsazioa nahas-mahas batena, poema bakoitzak poema asko biltzen dituenarena edota irudi dezake liburu osoa dela bere horretan poema bakar bat.

EIE Euskal Idazleen Elkartea
IDAZLEEKIN > Irakurrieran:
2022/11/08
Jose Luis Otamendi “Landura” buruz.
Saioa entzuteko 

KULTUR SHAREA
Bizi dugun garaiko lekukotasuna poemen bidez adierazi du Jose Luis Otamendi idazleak.
Bideoa ikusteko

Eman zure iritzia