Skip to main content

 

Ekainaren 19an, 7:30ean

Zakilin

 

Hemezortzi urte zituen Mary Shelleyk Frankenstein idatzi zuenean. Hor sortu zuen azken mito modernoetako bat, etorkizun bikaina izango zuena, eta zinemari esker gaur egun ere ondo bizirik dirauena. Asko dira zinema mutuaren garaitik hasita gaur arte egin diren bertsioak, batzuk testuari atxikiagoak beste batzuk baino.
Gaur egun, ez da zorakeria esatea gutxik irakurri eta ia denok ikusia dugun istorio bat dela Frankenstein, aspaldi idatzia izan arren   zuzen-zuzenean lotzen zaiena zientziaren aurrerapenak eta haren ondorioek gure garaian pizten dituzten eztabaida sutsuei.
Gaurko ikuspegitik, dena dela, garbi dago munstro bat sortu zuen doktore burubero samar baten istorioa baino gehixeago dela Frankenstein. Baina “gehixeago” horretara hurbildu nahi duenak liburura jo beharko du nahitaez. Mary Shelley, feminismoaren aitzindari Mary Wollstonecraft-en alaba, “irakurleari ilea lazteko moduko” zerbait idaztera jarri zenean,
izu-istorio zoragarriaz gain, arrazoiaz eta hizkuntzaz bere itsuskeria gainditu nahi duen izaki aldrebes baina xalo eta maitagarriaren istorioa sortu zuen.

Mary Shelley (1797-1851).
Bizitza gorabeheratsu samarra izan zuen. Haren ama, feminismoaren aitzindarietariko bat, Mary jaiotzean hil zen. Aita, berriz, filosofo erradikal ospetsu bat zen, inoiz ez ziona alabari nahitasunik izan. Mary gazte  bakartia izan zen, oso irakurzalea. 1814an, Percy Bysshe Shelley poeta erromantikoa ezagutu, eta, hura ezkondurik egon arren, elkarrekin ihes egin zuten. 1816an, Lord Byronekin igaro zuen bikoteak uda, Villa Diodatin, Genevatik gertu. Literatura fantastikoaren historian, ia-ia mitikoa da udaldi hura, gaur egungo mitorik handienetariko baten sorburua izan baitzen: Frankenstein. 1822an, P. B. Shelley hil egin zen, itsasoan itota. Horrez gainera, bost seme-alabatatik bakarra geratu zitzaion bizirik Maryri. Ospe oneko idazlea izan zen bere garaian, eta beste zenbait eleberri ere idatzi zituen (Mathilda eta Valperga, besteak beste), baina ezer ez Frankensteinen parekoa.

Itzultzailea :
Iñigo Errasti Aranbarri (Bilbo, 1973).

Euskal Filologia ikasi zuen lehenengo, eta Itzulpengintza eta Interpretazioa urte batzuk geroago, tartean irakasle ibili ondoren. Gaur egun, itzultzailea da lanbidez.
Zenbait literatur lan itzuli ditu: Harold Pinterren Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk (Jokin Zaitegi lehiaketa, 2005), Nancy Houstonen Jaiotze markak eta John Steinbecken Gizonak eta saguak, besteak beste.

Eman zure iritzia