Skip to main content
BerriakTxarakie. Irakurle txokoa

Disoluzio agiriak, Jose Luis Otamendiren azken liburua

2019-10-192020-11-13One Comment

 

disoluzio agiriak

JOSE LUIS OTAMENDI, idazlea Ean, bere azken liburuaz berbetan.

GLAZIARREN OHANTZEA

nire hortzetako eskuila eskuindarra da

aldiz sardexka eta orrazia ezkerrekoak dira

uste dut eguzkia zentro-eskuinekoa dela

populista da aldean daramadan katarroa

plazako garabia ezker muturrekoa delakoan nago

kausa jakin baten bila dabilenean kalez kale

sozialdemokrata da astelehenetako haserrea

errepide ertzeko loreak eskuineko jotzen ditut

giltzurrunak ezker-eskuin ditut belarriak lez

sudurra kokotsa eta gilborra erdi antzean daude

gibela eskuinean eta behazuna ezker moderatuan

oportunismoan jausten zait beldurra noiznahi

etxeko autoak eta xurgagailuak deriba libertarioa dute

ez dakit sukaldeko plater txiki pistatxo koloreak

arasaren zein aldetan paratu ideologiaren arauz

edalontziak eta mahai zapia liberal humanistak dira

edozeinekin akordioak ixteko gertu dut bihotza

koalizioak aurrekontu-paktuak plataformak

pragmatismoaren muina arduren maitasunean dago

AP8 autopista zentrista da, beti ezin du irabazi eskuinak

sarri eskuindarrak ezkerrekoak dira gertutik ikusita

sarri demokrazia autoritarioa da

sarri ezjakinean jausten naiz jende asko lo denean

sarri hesolak galtzuen inguruan izoztu egiten dira

sarri galderek lotzen naute zubi baten erdian

eta galdutakoa izan arren

zangobakarraren hanka ona ezkerrekoa da beti

edo ia sarri urtu egiten da dirua eta haren uharrak garamatza

kanta krudel baten nota altuetan

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Jose Luis OTAMENDIrekin Eako TXARAKIE irakurle txokoan, urriaren 25ean

Jose Luis OTAMENDI, “Disoluzio agiriak”, SUSA, 2019

Jose Luis Otamendi , Oto, maite dugu, poesia maite dugun eran. Otok badaki babeserako portu segurua aurkituko duela beti  Ean. Ekaitza denerako, balizko paradisuak izozten direnerako, beti izango du gordelekua gurean. Urriaren 25ean porturatu zen azken aldiz, iluntzean, Txarakie irakurleen txokoaren epelean, besapean Disoluzio agiriak zekartzala. Poesia irakurtzeko eta jenderatzeko modu berezi,  pertsonala du, erritmo bare eta luzatuan, tonu modulatuan, sartu egiten zaitu korronte horren barru-barruan, eta bazoaz. Disoluzioa, berriro bestela sortzeko. Esango nuke etxean sentitu zela gure sutondoan, eta biluztu egin zuen sortze prozesu pertsonala, poemen destilazio geldoaren iturriak agertuz. Genesia, Bibliaren lehen liburua, eta hortik kreazioaren mito judeo-kristauak mundu ordenatu, antolatua eskaini  digu; gizonen, emakumeen, jainkoen eta zesarren tokia zein izango den, nola arautu. Baina gizon-emakumeak matxinatu egiten dira , Prometeoren bidetik, jakituriaren iturrien bila. Paradisutik mundu hotzera jaurtiak, emanda aurkitu dugun mundu  hori dekonstruitu eta geuk erabaki nahi zein mundutan biziko garen.

Kapitalismoaren paradisu hotza, izoztua eskaintzen zaigu, ordea. Onartu egingo dugu paradisu izoztu hau?

“ez dakit inoiz izan den

baina jada ez dagoela dirudi

denontzako etxe bat “

Gizaki berritua, Prometeo modernoa sortzen saiatu, txatalez osatua, eta Frankenstein  atera zaigu. Mary Shelley haren sortzaileari doakio Otoren liburuko poema-giltzarri bat, “Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat”.

“Geure gorputz atalekin

Josi nahi nuke oraina”

Poema pertsonalak, barru-barrutik sortuak, hitz egokien bila, galdera funtsezkoenak ahots ozenaz esanak, hari oso bat osatzen dutenak. Disoluzio agiriak. Zer da disolbatzen dena. Inguruan zenbait disoluzio zehatz, konkretu. Baina eta disoluziorik larrienak, agian, paradisu izoztu honetan, humanitate bat eta printzipio batzuk urtzen dituztenak. Poesia behar hitz egokien  bilaketa ezinbestekoan.

Karmelo LANDA

Iruzkin bat

  • Iñaki Lejardi(e)k dio:

    Disoluzio agiriak

    Jose Luis Otamendi, 2019.

    Poema-liburu hau irakurtzea Otamendirekin parkeko banku batean hitzordua izan dudala sentitzea izan da, eta berak, eguzkiaren jaitsierari begira geunden bitartean, barruan daramana kontatuko lidake. Bizitzan zehar ibiliak eman dion abagunetik hitz eginez. Orainaldian agertzen den eta biharko eguna ezagutzen ez duen bizitzaren ahuleziaz mintzo zait.
    Berari gustatuko litzaioke perfekzioa poesiatzea baina … ez zaio posible eta poeta minduta sentitzen da. Berak hitz egiten zidan, hitz egiten dit, eta nik, gutxiago horniturik barne hausnarketan, batzuetan geldiarazi egin behar izaten dut, zertaz ari den astiroago azaltzeko; hain da sakona bere poesia…
    Damu da azken opor hauek alferrik galdu izana. Ez du espero zuen etekinik atera. Bizitzeko dirua, besteren hitzaz jabetzen den dirua, behar izateak, bilatzeak, horrek jaten gaitu, gorputza zahartzen du. Horrekin batera, denboraren igarotzeak, egunari aurre egiteak eta gaua sehaskatzeak.
    Hilzorian dagoen herri honek beste proposamen batzuk behar ditu. Planeta giltzurrunetan harri batzugatik baino ez da operatzen, eta ebakuntza-gelan hiltzen da pilatutako konplikazio ondorioz. Gureak egin du.
    Molde mantso batean okupa-eginkizunetan ari da. Bere gorputzaren karkasa behar duenari, espazioak ukatu zaizkionari, uzteko prest, berak baino etekin handiagoa atera dezan. Bere gorputza desokupatu nahi du, berak kolonizatua duela jakinik, eta ez daki beste leku batzuetan, zuloetan, deskolonizaziorik egon den, posible izan den. Bere siluetatik irten gabe, bere gorputza LEGO, giza-LEGO, bat bezala desmuntatzeko beharra du, mentalki bere buruaz beste egiteraino.
    Gauzak bere osotasunean aldatzearen nahia du. Ez du zoriontsu izan nahi heredatutako paradisu honetan, hori adostasunaren erakusgarri bailitzateke, eta bera ez dago ados.
    Unibertso finituan maitasun-keinu bat, hosto bat laztantzea, ulertezina da, eta mundua damutu egingo da hori baloratzen ez jakiteaz bere igarobide azkarrean etenaldi bat ez egiteagatik.
    Ibilitakoaren ondoren, bizitzaren malda argi ikusten du eta bakardadearen soka finagatik bada ere mundu honi lotuta jarraitzea lortu du, orekarik gabeko oinarrien gainean jauregiak sortuz. Bere bakardadean autoestimulatzen da baina ez du aldarrikapen nabarmenik aurkitzen jendaurrean agertzeko. Besteren babesgabetasunak sortutako errezeloak fisikoki existitzen ez den jendez inguratuta imajinatzera eramaten du. Kontzientziarik gabe geratzeko eta zulo beltz bihurtzeko arriskua sumatzen du.
    Uste du munduak ez duela berdin jarraituko gu bertan ez gaudenean, bai sarraskiaren indarragatik, bai karrera atomikoagatik … Planeta honengan duen konfiantza amaitu denez, boluntario aurkezten da beste planeta batera bidaiatzeko eta bere kolonizazioari ekiteko.
    Ez dakigu zer egin soinean daramagun hilerri ibiltari honekin; bertatik deituko digute odol hotzagoko jendea bezala etzateko. Hainbeste denboratan zelatatuz bizi izatea eta gero hemendik hain laburki pasatzea… iruzurgilea gertatzen da oso. Nahiz eta zoriontsu izateko hilda egon behar genuela ikasi, ziurgabetasunari atsekabea gehitzen zaionean dolua areagotu egiten da.
    Sentitzen ditut bere atzamarrak talde argazki zaharren gainean irristatzen oroimenarentzako aukera baten bila.
    Garai batean, bizitzea, irautea, helburua zen; orain, berriz, zoriontsu izateko beharra erantsitzen da. Izakiak ez du premisa berri hori ezagutzen, eta jaio, hazi, heldu eta hil egiten da.
    Munduak bere ohiko bira-biran jarraitzen du giza sakrifizioak alde batera utziz. Eta Otamendik ulertzen du ezinezkoa dela galdutako denboraren bila joatea, aurreranzko ihesaldi batean etengabe ekitzea.
    Eta bere isiluneetan, poema tartean, bere beldurren konplize egiten nau. Konfidentzia-une bat. Babestu ditzagun gure oroitzapenak. Geratzen zaigun guztia dira.
    Otamendiren hitzak erretenera bideratzen diren orrien gainean doaz eta handik liburu iradokitzaile honetara jausiko dira.
    DENA DEN, NIRE ESTIMAZIO BAT BESTERIK EZ DA ETA BEHARBADA EZ DA HONETAZ ARI.
    Bai ziurtatu dezakedana da “Oto” oso hurbil nabarituko dugula.

Eman zure iritzia