Otsailak 26
18:00etan Eskolondon
berria: Ainhoa Sarasola
«Irakurri egiten dut. Gaixotasun bat bezalakoa da». 4 urte zitueneko garaia hitz horiekin deskribatzen du Agota Kristofek, Analfabetoa idazle liburuaren lehen lerroetan. Aurrerago azaltzen du hungarieraz asko irakurtzen zuela, baita idatzi ere, baina gazterik sorterria utzi eta Suitzan erbesteratu behar izan zuenean analfabeto bihurtu zela. Frantsesa ikasi zuela han, eta ongi hitz egiteko gai zen arren, analfabeto sentitzen zuela bere burua idazle gisa. Eta, hala ere, frantsesez landu zuen bere literatur obra osoa azkenerako. Idazletzaz, etxeko hizkuntzaz eta hizkuntza «etsaiez» egiten du gogoeta Kristofek kontakizun labur autobiografikoan, eta euskaraz irakur daitezke orain haren hitzak, liburua itzuli baitu Eskarne Mujika Gallastegik. Alberdaniak plazaratu du lana.
Analfabetoa idazle 2004. urtean eman zuen argitara Kristofek (Csikvand, Hungaria, 1935 – Neuchatel, Suitza, 2011). Idazleak bere bizitzako hainbat pasarte kontatzen ditu liburuko 11 atal laburretan; Mujikaren hitzetan, «modu labur bezain indartsuan». Herri txiki batean igaro zuen haurtzaroa, gurasoekin eta bi nebekin: Mujikak azaldu duenez, «inolako zalantzarik gabe, haren bizitzako garairik zoriontsuena» izan zen. 14 urterekin, hirira joan behar izan zuen, «gazteak doktrinatzeko estalinismoak sortu zituen barnetegietako batera», eta han bizi izan zen lau urteetan «diziplina militarra, libertaterik eza, lehen hizkuntza arrotz inposatua —errusiera— eta familiaren sakabanaketa» ezagutu zituen; «zorigaitza, hitz batean esatearren. Gordean eta ahal zuen guztietan irakurri egiten zuen, eta idazketa sekretu batez poemak osatzen zituen iragan galduari buruz». Pobreziari aurre egiteko, esketxak idazten zituen, gero eskolan hiruzpalau lagunekin antzezteko, eta sos edo janari apur batzuk lortzeko. «Saririk onena, baina, barre eragiteak ematen omen zien; izan ere, oso garai grisak ziren orduko haiek».
Agota Kristof, frantses literaturako hungaria-suitzar bat.
Agota Kristof (Csikvánd, Hungaria, Austriako mugatik gertu, 1935eko urriaren 29a – Neuchâtel, Suitza, 2011ko uztailaren 27a) Suitzar poeta, eleberrigile eta antzerkigilea izan zen. Bere lanaren zatirik handienean bere adopzio hizkuntza zen frantsesa erabili zuen, “Bigarren etsaia” deitzen ziona, bere ama hizkuntza zen hungarieraren ordez.
Agota Kristof Hungarian jaio eta hazi zen. Eskolako maisu baten eta Etxeko Arteen irakasle baten alaba, lehenik, Kla szeg-en ikasi zuen, 1944an hara joanak ziren, eta, ondoren, Szombathely-n, zientzietan lizentziatuz 1954an. 1956an, 21 urterekin, Agota Kristofek Hungaria utzi zuen, Austriara joan ziren oinez, Sobietar Batasunak Langile Kontseiluaren Iraultza zapaltzen zuen bitartean. Agota, bere senarra, bere historia irakaslea zena, eta bere alaba, lau hilabete baino ez zituena, Neuchâtel-era (Suitza) ihes egin zuten, Fontainemelon-eko erloju lantegi batean lanean hasiz, gauetan poesia idazten zuen bitartean. Bere literatur lana behartutako migrazio honek markatzen du, eta esan dugun bezala, bere adopzio hizkuntzan idatzia dago, frantsesez.
Autore bezala eman zituen lehen urteetan, arrakasta berezia izan zuen gerora hizkuntza askotara itzuli den “Bikien Trilogia” bezala ezagututako lanarekin. Bere estilo indartsuak ez du inor axolagabe uzten. ADELF Literatur Sari Europarra jaso zuen trilogia hortako lehen liburukiagatik, “Koaderno Handia”, 1986an. Bigarren liburukia, “Proba”, 1988an argitaratu zen. Azken liburukiak, “Hirugarren Gezurra”, Prix du Livre Inter saria jaso zuen 1992an. 2008an Austriako Literatura Europarraren Estatuko Saria ere jaso zuen bere lan osoagatik.
Hiru seme-alabaren ama eta birritan dibortziatua izan arren, bere lanean oso gutxi hitz egiten du bere bizitza pertsonal eta familiarri buruz. Suitzan hil zen 2011ko uztailaren 27an, 75 urte zituela, eta errautsak Hungariara eraman zituzten, Köszeg hirira. Agota Kristofen Artxiboa Bernako Suitzako Literatur Artxiboetan dago.
Abbeville Afera.
Mundu osoan arrakasta izan zuen arren, “Koaderno Handia” kasu judizial batengatik ere eman zen ezagutzera. 2000ko azaroaren 23an, Abbeville hiriko poliziak unibertsitateko irakasle gazte bat atxilotu zuen ikasle kurtso bateko guraso batzuen kexengatik; ikasle horiekin aztertzen zuen irakasleak eleberria. Gurasoek Kristofen lana pornografikoa zela uste zuten. Hala ere, “Koaderno Handia” literaturaren klasikotzat jotzen zen eta bigarren hezkuntzako eta batxilergoko maila askotan ikasia zuten. Pertsona talde handi baten laguntzari esker, kasua berehala ezetsi zen. Hala ere, literaturako zentsurari buruzko eztabaidan beste atal bat zabaldu zen, baita literatur lan bat irakurri eta ulertzeko egintzari buruzko eztabaidan ere. Annie Rolland-ek atal bat eskaini zion kasuari “Gazte literaturari, nork dio beldurra?” izeneko saiakeran, 2008an.
Agota Kristofen pertsonaiak, azken finean, XX. mendeko gizabanakoaren parodia bat dira, bere porrota, batez ere, batasun proiektu batean eraikitzeko eta bizitzeko gai izan ez izatean datzana. Egilearen eta bere pertsonaien lanak Ekialdeko Europako egoeraren alegoria sarkastikoa ere badira. Esperientzia totalitarioak bere bizitza eta obra markatzen ditu.
Hizkuntzak (hungariera eta frantsesa) eta identitateak.
Agota Kristof Suitza frankofonora iritsi zenean, lurralde horretako hizkuntza hartu zuen, frantsesa. Frantsesa ez zuen nahita aukeratu idazleak, baizik eta kasualitatez ikasi behar izan zuen hizkuntza berri hori, halabeharrak Suitzako eremu frankofonora eraman baitzuen bere familia. Izan ere, erbesteratuak Suitzako hainbat hiri eta herritan jarri zituzten.
Egileak bere bizitzan zehar aurkitu zituen hizkuntzekin izan zuen harreman mingarria azaltzen du, bereziki “Analfabetoa Idazle” (2004) lan autobiografikoan. Harentzat, Hungariatik irteteak, lehenik eta behin, bere ama hizkuntza galtzea eta, beraz, oinazetzea esan nahi zuen. Horrela, herrialde batetik bestera igarotzea esanguratsua da adierazteko modu batetik bestera igarotzeari dagokionez. Agota Kristofek bere hizkuntza eta identitatea lotzen dituenez, frantsesak ez dio ia bere buruaz hitz egiten uzten, ez baitu menderatzen eta ez baita inoiz bere ama hizkuntza izango. Izan ere, frantsesa “etsai hizkuntza ” gisa deskribatzen da “Analfabetoa Idazle” lanean. Frantsesaren ikuspegi negatibo hori idazleak bere adopzio-hizkuntzan hitz egiteko duen borondateari zor zaio batez ere. Agotak gehien deitoratzen duena zera da, ondo hitz egiteko borrokan frantsesak ezabatu egin zuela hungariarra bere oroimenetik. Hala, egileak frantsesa etsaitzat hartzen du, analfabetoa bihurtzen baitu, oraingoz.
Urte batzuk geroago, egilea konturatu zen frantsesak ez ziola uzten autorretratu egoki bat egiten, eta identitate faltsu eta desbideratu bat eraikitzen ari zela iritzi zuen. Orduan, frantsesez idazteari uztea erabaki zuen, eta, ondorioz, gezur identitariotzat jotzen zuena alde batera uztea. Horrela, bere ama hizkuntza eta bere benetako nortasuna berraurkituko ditu.
Adopzio hizkuntza atzean uzteaz gain, Agotak ez du idazteko beharrik gehiago sentitzen, zergatia modu lausoan azalduz. Bere ekoizpenek ez dute asetzen, artifizialak baitira. Horregatik, bere eskuizkribu guztiak, idazmakina eta bere elebidun hiztegia, hungariar-frantsesa, Suitzako Literatur Artxiboei eman zizkien. Bere egunerokoa baino ez zuen erre, partekatu nahi ez zituen oroitzapen mingarri gehiegi ekartzen zizkiolako.
“Analfabetoa idazle” autobiografikoa da, ALBERDANIAk argitaratua eta Eskarne Mujika Gallastegik euskaratua, eta berrogeita hamar orrialde baino ez dituenez, orain arte kontatutakoan lan honen kontzeptuak ikusten direla uste dut. Nolanahi ere, Agota Kristofek, elkarrizketaren batean, onartu zuen akats bat izan zela liburu hau argitaratzea, zeren bertako testuak baliorik gabekotzat joten zituen. Egia esan, niri, trilogia osoa irakurrita nentorren, benetakoa den autobiografia hau arraroa egin zait, aurretik idatzitakotik asko nabarmen uzten duelako. Ziur nago ez naizela oso ondo azalduko, baina esan nahi dudana da autobiografian kontatzen den guztia Trilogian dagoela, baina modu fikzionatuan, eta hain modu zorrotzean errepikatzeak erabateko irrealitatearen itxura ematen diola Trilogiari. Debaluatu egiten du, erreala eta fikzioa bereizten laguntzen du, eta ez da hori irakurleak bilatzen duena.
Eta orain “Bikien trilogia”ri buruzko iruzkinak ekarriko ditut, alderdi sozial jakin batentzat buruhauste handia izan baitzen. Ekarriko ditut, diot, zeren gehienbatean han-hemenka aurkitu ditudan iruzkinak direlako, eta, beraz, nigandik nahiko gutxi dutelako. Liburuki bakoitza bere aldetik aipatzea litzateke egokiena, baina hori ezinezkoa da argumentuak argitu gabe eta irakurri ez dituenari irakurketa agerian utzi gabe.
Begirada bikoiztuaren estrategia..
“Koaderno Handia”, “Proba” eta “Hirugarren Gezurra” hiru eleberriek multzo bat osatzen dute, eta, beraz, trilogiatzat hartu dira. Trilogiaren ardatz nagusia anaia biki gisa aurkezten diren Lukas eta Klaus pertsonaia nagusien bilakaera da. Bikikotasunak, identitate bikoitzak, amets ideala irudikatzen du, erabateko nortasuna lortzea ahalbidetuko duen bidea, erreflexu engainagarriak ematen dituen bikoiztasun-arazoa alde batera utzi gabe.
Bikikotasunaren ideala estrategia tematiko gisa agertzen da, hura ere hondatu daitekeela erakustearren, eta egia ez dela biribila azpimarratzearren, badaudela desberdintasunak eta ziurtasunak, bai norbanakoaren inkontzienteari bai kolektiboari buruzkoak, indarrez eta intolerantziaz puztuak. Errealitatetik ihes egiteko modu bat da. Gezurrez beteriko galaxia batek, eleberriz eleberri, gertaera historikoek desitxuratutako errealitate baten sentsazioa sortzen du. Elkarrekikotasun bat dago gizakiaren eta errealitatearen artean, atsekabe sozialak erreproduzitzeko eta mugatzeko, pertsonaren ahulezia arriskuan jarri gabe.
Bikiek idatzi eta idatzi egiten dute gertatutako guztia kontatuz, eta baliabide horretaz ustiatzen dira surrealistatzat jo daitezkeen ekintzetan ere murgiltzeko.
Irakurleak haustura handia sumatzen du bi bikien tratamenduan. Lehen eleberrian, batasun banaezin gisa aurkezten dira; beren identitateak pluraleko lehen pertsonan nahasten dira. Hala ere, hurrengo bi nobeletan gai hau aldatu egiten da eta ikuspegi berriak sortzen dira, bikikotasun zitala osatzen dutenak, bigarren nobelan irakurlea nahasten duen haustura eragin arte.
Hirugarren eleberriak, azken batean, konfiantza-esparru bat sortzeko aukera ematen dio irakurleari; horrela, egiara gehiago hurbiltzen da, hasieratik aurkezten den bikikotasun-nozioaren ordainetan. Zalantza eta nahasmena beste edozeren aurretik ezartzen dira. Fikziozko joko baten inpresioa indartzen da, pertsona bakoitzari bestearen falta jasateko aukera ematen diona, bereizketaren ondorioz, eleberriari bere zentzu ideologikorik sakonena eta dimentsio estetikorik anbiguoena emanez. Elkarrekin egotea eta gero banandu eta urrun eta adiskidetuezinak sentitzea. Bikikotasuna etenaren isla da, norabide-aldaketarena; zatiketaren gatazka bihurtzen da, bere izaterik sakonenean bere burua ezagutzeko gai ez den zatiketa.
Termino narratiboan, espazio-denbora eta erreferentziazko gaien errepikapenek, edo objektibo-subjektibotasunaren arteko txandakatzeak, idazkeran autokreazio espazio bat haldarrikatzen dute. Bizitza eta bizitzeko zentzuari buruzko funtsezko gaiak planteatzen dituen ezohiko espazio bat sortzen da. Harreman osagarri bat bilatzea giza izaerari atxikitako konpromiso inplizitu gisa ulertzen da.
Egileak gezurrera eta bikoiztasunera jo du indibiduoak bere bakardadean abandonatutako izaki isolatu gisa duen pisua arintzeko.
Baina Koaderno Handira itzuli behar da beti, egilea ulertzen saiatzeko eta bere garaian irakurleez jabetu zen harridura sentsazioa berraurkitzeko. Eleberri harrigarri eta kezkagarri bat, esaldi zorrotzekin, Hungariako gerra garaiko baserri giroko “bi bikiren” haurtzaro gogorra deskribatzen duena. Liburu honek Kristofen obra imitaezina egiten duen guztia biltzen du, baita bere obsesioak ere: haurtzaroa, identitate bikoitza, galera, ihesa, erbestea … Argitaratu zenean, eleberrigileak berak deitu zuen atentzioa bere elkarrizketetan: hitz gutxiko emakumea, sekretu mingarri batean giltzapetua zirudiena.
Laburbiltzeko, esan genezake hiru nobelako serie baten aurrean gaudela, bi pertsonaia nagusiren presentziari buruzkoak, eta pertsonaia horien identitateak nobela batetik bestera lotzen direla. Bi pertsonaiak, hasieratik, ingurune berean eraikitzen dira, espazio-denbora koordenadetan gertatzen den aldaketen arabera eboluzionatuko duena. Haien bizitzak, hasieratik estuki lotuak, bereizi egiten dira tramak aurrera egin ahala, nobela batetik bestera, eta subjektibotasun-karga dimentsio berri batek indartzen du, objektibotasuna eta lehen pertsonako narrazioaz txandakatuz. Pertsonaia baten eta bestearen arteko bereizketak bikien printzipioa sakabanatzea dakar. “Gu” errepikakorra eten egiten da kontakizun bakoitzaren egilea argitara ateratzeko asmoan. Trilogiaren lehen zatiko “gu” banaezina bi pertsona ezberdinetan banatzen da, bakoitzak bere “ni” berezi eta pertsonaletik bere bizitzaren kontakizuna bere gain hartzen duena. Hala, hiru eleberriek egia eta gezur mosaiko bat aurkezten dute, txandakatuz doazen eta aldi bakoitzean desberdin aurkezten diren autoreen inguruan. Eskuizkribu bakoitza bizitzaren historia kontatzeko aukera bat da, ez errealitatean izan zen bezala, baizik eta izatea gustatuko litzaiokeen bezala. Lehen eta bigarren eleberriek fikzio baten istorioa kontatzen dute. Hirugarren eleberriak, aldiz, gezurrak argitzen ditu eta izaera paregabe baten benetako errealitatea erakusten digu. Bikikotasunaren ideala hautsi egiten da, eta heterogeneotasun zentzudunaren forma hartzen du, ideologikoki, utopia gisa amestutako nortasun pertsonalaren aldarrikapen isla.
Egia esan, jarraitu nezake iruzkinak eseki eta esekiz, baina zaila egiten da liburuki bakoitzaren argumentuak aipatu gabe.
Hemen Agota Kristofen lan gehiago jartzen ditut:
Antzerkia:
• John et Joe (1972)
• La Clé de l’ascenseur (1977)
• Un rat qui passe (1972, version définitive 1984)
• L’Heure grise ou le dernier client (1975, version définitive 1984)
• Le Monstre
• La Route
• L’Épidémie
• L’Expiation
• Line, le temps (2006)
Bildumak:
• L’Heure grise, et autres pièces, Seuil, 1998
• Le Monstre, et autres pièces, Seuil, 2007
Eleberriak:
• Hier, Seuil, 1995, Atzo. itzul.: Eskarne Mujika. Alberdania-Elkar, 2003
• C’est égal, nouvelles, 2005, . Berdin dio. itzul.: Eskarne Mujika. Alberdania, 2005
• Où es-tu Mathias ?
Olerkiak:
• Clous, Éditions Zoé, 2016