Paper-ertz batean egindako bozeto moduko batzuk dira ipuinok Bachmannentzat, eta, emakume batzuen erretratua egiteaz gainera, garai jakin bateko ohiturak ere erakutsi nahi izan zituen.Ipuin independenteak dira denak, baina egitura zikliko bat osatzen dute denen artean.
Lehenengo ipuina (Aldibereko) eta azkena (Aintzirarako hiru bide) liburuaren bizkar-hezurra dira: ipuin horietako bi emakume protagonistak profesional arrakastatsuak dira aldibereko interpretea bata, kazetari eta argazkilaria bestea, eta kontraste nabarmena egiten dute beste hiru istorioetako emakumeekin, zeinak nartzisismo hutsalean, beldurrean eta errealitatea ukatzeko ahaleginean katramilatuta baitaude. Idoia Santamaría Urkaregi
Bachmann Klagenfurten 1926. urtean jaio zen, Austriako Karintia estatu federatuan. Filosofia, psikologia, aleman-filologia eta zuzenbidea ikasi zituen Innsbruck, Graz eta Vienako unibertsitateetan.
1949an, Filosofian Doktore izendatu zuten Vienako Unibertsitatean, Victor Kraft filosofoaren aholkularitzarekin idatzitako tesia aurkeztuta: “Martin Heidegger-en filosofia existentzialaren harrera kritikoa”.
Bizi zelarik, Bachmann bi poesia-bildumak egin zuten ezagun: Die gestundete Zeit eta Anrufung des Grossen Bären. Hil ondoren, arrakasta handia izan zuen irakurle feministen artean, eta bere lana aztertzeko bekak sortu ziren han-hemen, prosazko lanari ere arreta jartzea ekarri zutenak.
Bachmannek hainbat gai jorratzen ditu bere literatura-lanetan; besteak beste, norberaren mugak, egiaren zehaztapena eta hizkuntzaren filosofia, azken hori Ludwig Wittgenstein filosofo austriarraren eraginez. Berak idatzitako prosa-lan askotan, emakumeek Austriako gerraosteko gizartean bizirauteko eta beren ahotsa bilatzeko egin beharreko borroka aztertzen du. Halaber, inperialismoaren eta faxismoaren historia ere jasotzen du; bereziki, nola irauten duten oraindik indarrean ideia inperialistek bere garaian
Klagenfurtetik Vienara, Ingeborg Bachmann gidari: Aldiberekoren itzulpena.
IDOIA SANTAMARÍA URKAREGI
Sarrera
2018ko uztailean hasi nintzen Ingeborg Bachmannen Aldibereko euskaratzen, egiteko hori
egokitu baitzitzaidan Literatura Unibertsalaren urte hartako lehiaketan, eta 2019ko maiatzean
bidali nuen itzulpena EIZIEra. Joan den urteko azaroan aurkeztu genuen Donostian, Ngũgĩ Wa
Thiong’o-ren Gerra garaiko ametsak liburuarekin batera (Olatz Prat Aizpuruk itzulia).
Itzulpena esleitu zidatenean, aurkeztu berria genuen hilabete gutxi batzuk lehenago itzuli nuen
Friedrich Dürrenmatten Epailea eta haren borreroa (2018), hura ere Literatura Unibertsalaren
bildumarako, eta Parisen nengoen, oporretan, ahizpekin. Poz handia hartu nuen, jakina, eta
sekulako sustoa —hori ere «jakina»—, telefonoz hots egin zidatenean, eta ahizpek, ni ondo
ezagututa, berehala eman zuten epaia: «Akabo Paris».
Hona hemen Ingeborg Bachmann-ek bere idazkerari buruz poesia bidez esan zuena:
DELIKATESSEN EZER EZ
Jada ez zait ezer gustatzen.
Amanda lore batekin
metafora bat lotu
behar dut?
Sintaxia argi efektu baten
gainean gurutziltzatu?
Nork hautsiko du burua
hain alferrikako gauzengatik?
Ikasi dut zentzuduna izaten
dauden
hitzekin
(klaserik baxuenarentzat)
gosea
desohorea
malkoak
eta
iluntasuna.
Garbitu gabeko negar-zotinekin,
etsipenez
(eta etsipenaren etsipenez)
hainbeste miseriagatik,
gaixoen egoeragatik, bizitzaren kostuagatik,
moldatuko naiz.
Ez dut idazkera deskuidatzen,
neure burua baizik.
Besteek badakite
jainkoak badaki
hitzekin moldatzen.
Ni ez naiz nire laguntzailea.
Pentsamendu bat
estutu behar dut,
esaldi baten gelaxka argira eraman?
Belarriak eta begiak elikatu
ahozko mokadu gozoekin?
Bokal baten libidoa ikertu,
gure kontsonanteen zaletasun balioa ikertu?
Burua harriturik,
esku honetan idazteko espasmoarekin,
hirurehun gauetako presiopean
papera urratu,
behar al dut,
hitz-opera irabiatuak ekidin,
horrela suntsituz: ni zu eta bera
guk zuek?
(Izan dadila. Besteak izan daitezela.)
Nire zatia, galdu dadila.