Skip to main content

Urtarrilak 20, barikua

19:30ean  Eskolondon.

 

Anton Pavlovitx Txekhov (errusieraz: Антон Павлович Чехов); Taganrog, Errusia, 1860ko urtarrilaren 17a – Badenweiler, Alemania, 1904ko uztailaren 15a)[1] errusiar antzerkigile, ipuingile eta idazlea izan zen. Literatura-korronte naturalistaren ildokoa da haren lana.

Mediku lanbidean jardun zuen bizitzan, eta hala ere 1880. eta 1903. urteen artean 600 literatura lan baino gehiago argitaratu zituen. Gaur egun sarri antzezten diren lau antzezlanek Kaioa (1895), Osaba Vania (1899), Hiru ahizpak (1901), Gereziondoen lorategia (1904), Errusiako literaturako egilerik ezagunenetakoa bilakatzen dute, batez ere Errusiako probintzietako XIX. mendearen amaierako bizitza deskribatzeko eragatik.

Hil aurretik ere Errusian aski ezaguna zen arren, Txekhov ez zen nazioartean ospetsu bilakatu harik eta Lehen Mundu Gerraren ondorengo urteetan Constance Granetek ingelesera egindako itzulpenek haren lana zabaltzen lagundu zuten arte.

Nikolai Txekhov margolaria anaia zaharragoa izan zuen, Mikhail Txekhov aktorea iloba, eta Ivan Bunin, Maxim Gorki, Fedor Chaliapin eta Alexei Suvorin idazleak berriz, adiskideak.

(Irakurtzeko gehiago: wikipedia)

31 ipuin / Anton Txekhov

Itzultzailea: Iker Santxo Insausti 

Idazle bitakora Nagore Fernandez / Berria, 2022-05-29

Anton Txekhov ipuingilea oraindik ezagutzen ez duenarentzat, bai eta berrirakurri nahi duenarentzat ere, bilduma mardula eta interesgarria apailatu du Elkar argitaletxeak. Iker Sanchok euskarara ekarritako Txekhoven 31 ipuin dakartza obrak, denak ere idazlearen bizitza guztian zehar idatzitakoak, hurrenkera kronologikoan antolaturik. Idazle bezala idatzitako lehenengoek irekitzen dute bilduma, 1880an hasi eta gutxi gorabehera 1886ra arte ondutakoek, hain zuzen. Lehenengo hauek salto kronologikoan ez ezik, badute estilistikoki ere alderik idazlearen azken etapan idatzitakoekin konparatuta: nabarmenki laburragoak dira. Ipuin “gazteago” hauen ondotik, irakurleak bigarren aldiko konposizio luzeagoak ere ezagutzeko aukera izango du, alegia, hasi 1886an eta 1900. urtera artekoak. Horrela, bada, esan daiteke mintzagai dugun obrak ez dituela Txekhoven ipuinak beste barik biltzen, idazlearen beraren bilakaeraren berri ere ematen digu; bere idazketa prozesuaren nondik norakoen lekuko egiten gaitu. Anton Txekhoven idazle bitakora.

Dena den, aurretik nahiz atzetik hasi irakurtzen, alegia edo lehen ipuinetatik edo idazleak ondutako azkenetatik, berdin-berdin antzemango du irakurle finak Anton Txekhov dela une oro, bere idazketa ezaugarritzen duten alderdiak konstanteak baitira bere unibertso literario guztian. Horietako bat dugu gizarteko arazoez hitz egiteko duen ohitura eta gaitasuna. XIX. mendeko Errusiari egiten dion kritika ezin ukatuzkoa bada ere, esango nuke gai unibertsalak lantzen direla lerroz lerro: justiziaren eta injustiziaren arteko tenka, gizartearen berekoikeria, klase sozialen gatazka iraunkorra, kapitalismo inbaditzailea eta esklabista, besteak beste. Eta bai, kapitalismoa aipatzerakoan nahita erabili ditut konnotazio ezkorrez beteriko azken izenondo horiek (inbaditzailea eta esklabista), hori baita idazleak hitz egiteko hautatu duen ikuspuntua eta perspektiba: binarismoz, edo hobeto esanda, kontzeptu eta gai dikotomikoz jositako ipuinak dira guztiak, alegia, beti dago justiziaren aldeko aurpegi bat, eta horren ifrentzuan injustiziaren aldekoagoa. Alderdi bakoitzean, gainera, pertsonaia bana, norgehiagoka. Nahiz eta gehienetan Txekhoven ipuinetan klase sozial baxuagokoak izan “galtzaileak”, esango nuke idazleak darabilen ironia zorrotzak argi uzten duela etikoki zeinen alde egiten duen, noren aldeko eta kontrako kritika den konposizioetan ezkutatzen dena. Anakronismoan erortzeko arriskua izan arren, gaurkotasunez betetako gaiak iruditu zaizkit oraindik orain Txekhovek proposatutakoak. Horra hor idazlearen meritu handienetarikoa.

Aipatutakoaz gain, obrak Iker Sanchok idatzitako hitzaurre luze eta zabala dakar, kritiko baten betaurrekoak jantzirik, Anton Txekhoven literaturaren erradiografia, hain zuzen. Oso argigarria iruditu zait, bildumari eite akademikoa ematen baitio, irakurleari testuak interpretatzeko pistak emateaz gainera. Alabaina, irakurleak aurkituko duen lehen kapitulua izanik, susmoa dut ez ote dion gehiegi baldintzatuko irakurketa. Nire gomendioa, hortaz, irakurle: utzi azalpenok bukaerarako.

Eman zure iritzia