Skip to main content

Uztailak 19, barikua

19:30ean  Eskolondon.

Belaunez belaun, egunez egun Amaia Alvarez Uria / Argia, 2024-05-05

Lizar Begoñak eleberri honen aurretik bi poema liburu argitaratu ditu: Aro beilegia (Balea Zuria, 2020) eta Geopardo japoniarrak (Susa, 2022). Hirugarren liburuan ere badira zenbait irudi poetiko trama harilkatzen laguntzen dutenak: hodeiak eta basamortua, metafora gakoak lan honetan.

Horrez gain, zenbait kultur tradiziotatik oihartzunak datoz orriotara, besteak beste, Miren Agur Meaberen Hezurren erretura (2019) irakurtzen ari da protagonistetako bat eta bere dolua egiteko eskuliburu bihurtzen da berarentzat.

Izan ere hori da gai nagusia, aldaketak dakartzan galera eta dolua: harremanak bizitzeko eredu baten galera eta helduaroan sartzear dagoen protagonistaren dolua; zahartzaroa, gaixotasuna eta zaintza kudeatzen hasten den beste protagonistaren krisia; herri baten turistifikazioaren goraldia eta gainbehera; komunikazioa eta informazioa erabiltzeko modu baten akabera…

Baina, bizitzaren aldeko kantua ere bada. Mundu zitalak ipintzen dituen oztopoak gainditzeko gonbita. Izenburuak Itxaro Bordaren Euri zitalari esker (2021) ekarri dit gogora eta berarekin horko fase aldaketa eta aldi baten itxiera. Lanean agertzen den poema Ovidi Montllor-en A la vida kantaren zati bat da, “bizitza arruntari oda” bat ere badelako lan hau duda barik. Hala ere, genealogiak eta belaunaldien arteko transmisioa dira liburu honetako ardatza. Pott bandako Sarrionandiak 1980an edo Lubaki bandako Canok 1990ean poesiatik narratibara egin zuten. Bordak 1980ko hamarkadan, Meabek 1980 eta 1990eko hamarkaden artean eta Rozas 2000 hasieran egin bezala, Lizar Begoñak poesiatik narratibarako jauzia egin du 2020ko hamarkadan.

Beraz, zer du esateko XX. mende amaieran jaiotako eta mende aldaketarekin batera hazi den belaunaldiko kide honek? Zein imajinario berri ekarriko digu euskal letretara? Hori da nobela honen ekarpenik handiena.

Bere narratzaileetako baten hitzetan: “Batzuetan gure belaunaldiaren zahartzaroarekin fabulatzen dut. Zer kontatuko diegu ondorengoei? Isildu gabe imajinatzen ditut gure maitasun iraultzaz berbetan, lotura bolleroez, eztanda transfeministaz, mobilik gabeko haurtzaroez, baina whatsapparen sorrerarekin kointziditu zuen nerabezaroez”.

Bi narratzaileek bi belaunaldi ordezkatuko dituzte eta leku eta denbora berean bide paraleloak ibiliko dituzte, hurbil eta urrun aldi berean. Segi ditzagun euren urratsak.

Eman zure iritzia