Maiatzak 17, barikua
19:30ean Eskolondon.
Mariana Travacio (Rosario, Santa Fe probintzia, 1967ko maiatzaren 29a) argentinar idazle eta psikologoa da.
Bi urte zituela, São Paulora (Brasil) joan zen familiarekin. Lizeo batean egin zituen lehen mailako ikasketak, frantsesez. Nerabezaroan, familia Buenos Aires hirira (Argentina) joan zen bizitzera. Psikologian lizentziatu zen Buenos Aireseko Unibertsitatean, eta Auzitegi Psikologiako Katedran irakasle aritu zen.Tres de febrero Unibertsitate Nazionalean Idazketa Sortzailearen Maisutza egin zuen. Bere ipuinak Argentina, Uruguai, Brasil, Kuba, Espainia eta Estatu Batuetako hainbat antologia eta aldizkaritan argitaratu dira. Bere lanaren zati bat ingelesera, suedierara, italierara eta portugesera itzuli da, baita euskarara ere.
Sariak eta aipamenak
Finalista Juan Rulfo sarian (Frantzia, 2012).
Angel Ganivet Literatura Lehiaketan finalista (Finlandia, 2012).
Ohorezko aipamena Manuel Mujica Lainez Udal Literatur Lehiaketan (San Isidro, Argentina, 2013), Derrumbe, lanagatik.
José Nogales Kontakizun Laburren Nazioarteko Saria (Huelva, Espainia, 2014ko edizioa), Cenizas de Carnaval lanagatik.
Lakuako Unibertsitateko Julio Cortazar Nazioarteko Sarian finalista (Espainia, 2014).
Bigarren finalista izan zen Kontakizun Laburren Kreila Literatur Lehiaketan, (2015. urtean, Gasteizen, Araban, Euskal Herrian),
….
Mendekuaz Jon Jimenez / Gara, 2024-08-11
“Gogoan nuen Lopretek nola jarri zion labanaren ahoa Tanori zintzurrean, gogoan nuen Tanok gero Lopreteri eskutik heldu eta aulkia atzera bota zuela, Juanchok bere labana atera zuela, Loprete han zela lurrean, Tano ebakia tapatu nahian, eskuekin desagerrarazi ahalko balu bezala”. Hasierako pertsonaia mataza araztu ondoren, kontakizun tragiko bat zabaltzen digu anitz aldiz saritutako Mariana Travaciok (Rosario, Argentina; 1967) “Barkamena existituko balitz bezala” (Erein, 2024) liburuan. Lehen kolpean, berehala, emakume baten -edo biren- bilaketak, hildako batek eta moztutako belarri batek lotuko gaituzte istorio honetara, orrietan aurrera goazen heinean areagotzen diren ezbeharrek amai apoteosikora bitartean zut mantenduko gaituztela.
Manoelek gidatuko gaitu ttiki-ttikitan galdu dituen gurasoen heriotzaren bengantzarantz. Travacioren psikologo formakuntzari eta senari esker, mendekuaren eta mendeku horren prestaketaren inguruan, hots, gizakiaren dilema unibertsalen inguruan, gogoeta egiteko parada emanen digu. Tragedia klasikoen antza hartu diogu Fernando Reyk, bere betiko maisutasunaz, euskaratu duen eleberri honi, eta Latinoamerikako tradizioan hertsi-hertsiki txertatzen da ezbairik gabe, “‘Comala’ oroitarazten diguna, baita Juan Rulforen sinbolismoa ere”. Izan ere, cowboy-en tankera hartzen ahal diegu gautxoen airea duten pertsonaiei, XIX. mendean, Argentinan eta Uruguain, sona hartu zuten folletoietik ataratakoak balira bezala. Zaldiz ibiltzen dira, gitarra jotzen dute, matea eta alkohola edan aski edaten dute ere, eta sineskeriaz beteriko mundu batean alderrai dabiltza.
Galerez, oroimenaz, bilaketaz beraz, etorkizunera ihesaz eta lurraz diharduen eta hitz bat bera ere sobera ez duen narrazio honetan. Edukiz gainezka egiten duten kapitulu laburren bidez, emeki-emeki baina atseden gabe, izu eta fatalitate apal batek ainguraturik, halabeharrak gidaturik, pauso batzuk atzera eta bertze batzuk aurrera emanez, gorroto trinkotuen, indarkeriaren, ohorearen, erru eta amorruaren, peoi eta nagusien arteko klase borrokaren, finean, justiziaren eta injustiziaren inguruan dihardu neurri motzak ezin hobeki menperatzen dituen Travaciok. Eta mamuez ere, izan ere, “mamuei, Tanito, hasiera-hasieratik aurre egin behar zaie, bestela, gotortu egiten dira, ulertzen duzu? Bestela, bertan gelditu eta ez dira inoiz joaten”.