MUNDO ETA UNIBERTSOAREN MUSEO BIZIA EAN
METROKOADROKA SORMEN LABORATEGIA
Performance kolektiboa
Eako lagunek deitu zigutenean,
zulo beltzez jositako istorio baten berri eman ziguten.
Unibertsoa bezala,
materia beltzez inguratua zegoen herrian ahoz aho zabaldutako kondaira.
Eta materia hori betetzeko saiakera bakoitza,
mundu oso bat zen.
Hemen zaudetenok, proba ezazue:
Mundo eta Unibertsoren istorioa erantzunik ez duten galderez josita dago.
Galdera horietako bat erantzuten saiatuz gero,
itxaron hiru segundo, bost segundo asko jota:
ondokoari zuen teoria zalantzan jarriko duen teoria ausartago bat okurrituko zaio.
Eta horrela ulertuko dugu zer den infinitua unibertsoan:
infinitua
elkarri kontatzen diogun istorio bat da.
HUTS ETA PUTZ
Eako denboren uretan errekaren ondoan barandarik gabeko paseo historiko turistikoa.
Artisten desfilea herritik, Mundo eta Unibertsoren inguruko herriko kondairak gogora ekarrita.
Artistak: Ane Zabala, Galder Perez, Gilkitxaro.
PLAZERAREN GOTORLEKUA
Zarakondegi baserrian ikuiluko iluntasunean plazera ematen zen. Han gertatzen zirenak, han geratu ziren:
“Larrosatxoak bost orri ditu… eta madamak esango deutso billa dabilen horreri…”
Artistak: Jurdana Otxoa eta Ainhoa Alberdi
EZEKIELA
Nor zen Ezekiela? Nolakoa zen? Zer pentsatzen zuen? Zer nolako ametsak zituen?
Galdera horien guztien bueltan sortutako performance poetikoa.
Artistak: Idoia Beratarbide, Rakel Salinas
LUR BAT IZARRETAN
Hiru elementu dituen sormen pieza honekin, mende bat beranduago bada ere protagonistei etxe berri bat eskaini nahi zaie; argazkien bidez euren historia guganaino ailegatu dela, transmititu, galderen erantzunen bila aritzeak inspiratu egiten gaituela kontatu, munduaren deribak zitala izaten segitzen duen arren hutsunetik jaten dugula esan, gure azalberritzeetan lur hartzeko eskaintza egin.
Artistak: Ainara Lasa, Arantxa Ezkerra, Jurgi Sarasola
MUNDUKO GEOGRAFIAREN SOINU UNIBERTSOAK DO MINORREN
Hirukoterako konposatutako pieza honek Mundo & Unibertso ikerketa gai eszenikoa soinu atmosferaren bitartez gauzatzea du xede, istorioek jasotzen dituzten desplazamendu geografikoak oinarri hartuta.
Pieza honako pasarteek osatzen dute:
- CCHNE ferrokarrila
- Minas de Comando, Santander
- Zamora x Bizkaia
- Euskal Herritik kanpora
- Kondairak zeharkatutako Ea
Artistak: Edurne Azkarate, Andrea Berbois, Oihana Vesga
GEURE ASURREN BERBATEGI BARRIXE MENIFESTU GERORATUA
Publikoak hiru mahai topatuko ditu bertan, eta haietako bat aukeratu beharko du. Mahai bakoitzean MUNDO ETA UNIBERTSOren istoria ikuspuntu ezberdin batetik jaso ahal izango du: lehenengo mahaian aitaren ikuspegitik, bigarrenean bi haurren ikuspegitik, hirugarrenean amaren ikuspegitik.
Artistak: Asier Sarasola, Maite Aizpurua, Oscar Picazo
ARGI DAGO EZ DAGOELA ARGI
Butoh dantzari batek ongi etorria egingo dio publikoari argi instalazioan.
Ondoren, amaierako pieza gisa, pieza guztietako artistek gorputzen koroa osatutako dute.
Amaierako poema entzungo dugu, eta ondoren, munduz osatutako unibertsoari soinu banda eta mugimendua jarriko diogu.
Artistak: Javier Barandiaran, Imanol Garcia, Oier Guillan, Metrokoadroka
Kondaira museo bizi bihurtuta
HITZA. Ane Maruri Aransolo
Ezker, eskuin. Ezker, eskuin. Pauso bat bestearen atzetik. Ezker, eskuin. Ilara bakarrean, bata bestearen atzetik. Kandelez osatutako suzko gorputza zeraman gurdiari segika. Ezker, eskuin. Ezker, eskuin. Pauso geldoz, euritik babesteko aterkien azpian. Ezker, eskuin. Mugimendu txiki eta mantsoak irudikatuz, Eako herriko kaleetan barrena joan ziren herritarrak zein Metrokoadrokako sortzaileak Mundo eta Unibertso Bengoetxea Martin gogoan zituztela. Museo bizia eraiki zuten zapatu arratsaldea, Ean: Mundo eta Unibertsoren museo bizia performance kolektiboak hartu zituen kaleak. Kondairak eta historiak utzitako hutsuneak artez bete zituzten.









































































































































































































