Skip to main content

JOSEBA TAPIA

KONTZERTUA: 1936-37 GUDAKO KANTAK

UZTAILAK 17 20:00etan EAKO FRONTOIAN

1936-37 ko gudaz bagenuen kronika ederrik, bagernujen argazkirik, bagenuen filmerik, baita afitxa edo kartelen bildumarik ere… Bagenuen, funtsean, iruditeria bat. Baina iruditeria hori mutua zen.
Himno bakarra genuen, Eusko gudariak.
Noizbait, erresistentzia berriak heldu ziren, eta borroka haiek kantu berriak sorrarazi zituzten, Eusko gudariak baino ez zen jaso gure herriaren 1936-37ko erresistentzia antifaxistatik.
Kanturik gabeko guda izan dugu 1936-37koa. Harik eta Joseba Tapial diska hau egin duen arte.
Trikitixa beste arma bat izan zen, eta ez nolanahikoa, gudarien eskuetan. Ezagun samarra zen Kortabarria konpainiakoen argazkia. Soinujolea lubakian ageri den hori. Gero Juantxo Egaña argazkilariak beste bi dokumentu garrantzitsu eskuratu dizkigu eskusoinuaren presentzia frogatzeko: Bata Donostia ingurukoa da, gerrako lehen egunetakoa, eta bestea Bizkaian egina da. Musika trintxeretako hornidura garrantzitsua izan zen 1936-37ko gudan. Agiri grafiko hori, dokumentu soinuduna dugu egun.
Guda honek era guzietako kantuak sortu zituen: Himnoak, eresiak, bertsoak, koplak… Esan liteke gerrak euskal letren mobilizazioa ere ekarri zuela. Egileen artean Iratzeder, Ezenarro, Mitxelena, Monzon bezalako autore kultuen ondoan Basarri eta Jose Mari Lopetegi bertsolariak ageri izan ziren, eta hauekin batera idazle anonimo multzo handi bat atzeguardatik, exiliotik edo fronte bertatik lanean. Kantutegi hau hainbat ziklotan antola liteke, gudaren panoramika oso bat hartzeko: Irungo defentsa, Donostiako erorketa, Gipuzkoarren exodoa, Intxorta eta Kalamuako borrokaldiak, Gernika eta hegazkinen bonbardaketak, Bilbao, kartzela, fusilamendua, exilioa…
Letragile hauen lana, ezinbestean, urgentziazkoa izan zen, eta gorabehera handiak daude batetik bestera. Baina, orohar, uste izan zitekeena baino anitzagoa eta aberatsagoa da 1936-37ko kantugintza.Diska honetan ageri zaizkigunak erakusgarri bat besterik ez da. Oraindik sailkatu eta argitaratu gabe asko dago. Euzkadi eta eguna egunkarietan eta Euskadi roja, Erri, Euskadi en Catalunya eta Euzko Deya aldizkarietan agertutakoen artean egina. Lan honetan esker handi bat Joxan Elosegiri, Joxe Mari Lopetegi bertsolari errepublikarraren arrastoan jarri gintuelako eta gero diskoa osatzerakoan ohar garrantzitsuak, moldiztegiko akatsak etabar…

Klikatu Koldo Izagirreren testuaren gainean handiagoa irakurtzeko

Eman zure iritzia

Pribatutasunaren ikuspegi orokorra

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientzia onena eskaini ahal izateko. Cookieen informazioa zure arakatzailean gordetzen da eta gure webgunera itzultzean zu ezagutzea eta gure taldeari webguneko zein atal interesgarri eta baliagarri iruditzen zaizkion ulertzen laguntzea bezalako funtzioak betetzen ditu.